Boli Kosta[1] (frantsesez: Côte d'Ivoire, /'kot di'vwaʁ/ ahoskatua), izen ofiziala Boli Kostako Errepublika[1] (frantsesez: République de Côte d'Ivoire), mendebaldeko Afrikako estatu burujabea da, Gineako golkoaren ipar-mendebaldean dagoena. 322.462 kilometro koadroko eremua hartzen du,[2] eta 2018an 26,2 milioi biztanle zituen.[3] Hiriburua Jamusukro da, hiri nagusia Abidjan den arren.
"Côte d'Ivoire" izena Costa do Marfim izen portugaldarra frantsesera itzultzea da, Indiarako bidean dauden merkatariek emana, XVII. mendearen amaieran portulano portugesetan agertzen dena.
1985eko urrian, Côte d'Ivoireko gobernuak herrialde guztiei eskatu zien frantsesezko "Côte d'Ivoire" izena erabil zezatela izen ofizial gisa (Costa Rica, Sierra Leona eta abar bezalako herrialde batzuen izenen antzekoa).
Boli Kosta mendebaldeko Afrikan dago, ipar latitudeko 4° eta 11° artean, eta mendebaldeko longitudeko 2° eta 9° artean. Mendebaldean, Liberia eta Ginearekin du muga, iparraldean Mali etaBurkina Fasorekin; ekialdean, Ghanarekin; eta hegoaldean, Gineako golkoarekin.
Hegoaldetik iparraldera, Boli Kosta hiru eskualde handitan bana daiteke:[4]
Itsasertza estua da, 64 kilometro zabal gehienez ere. Erliebe leun eta erregularra dauka; ekialdean aintzirak daude, eta muino harritsuak eta labarrak mendebaldean.
Barnealdeko ordokia, gehienez 350 metroko garaiera duena; oihan tropikalez estalirik dago.
Iparraldeko goi-ordoki granitikoa (500-900 metro arteko garaiera). Sabana da bertako landaredia, ganadua bazkatzeko egokiak diren eremu eta lautada handiekin.
Mendigunerik aipagarriena mendebaldean dago, Gineako mugan. Gailurrik altuena Nimba mendia da (1.752 metro).
Hegoaldean klima ekuatoriala dago, beroa eta hezea; hiru urtaro daude: epela euri gutxirekin (azarotik martxora), beroa eta lehorra (martxotik maiatzera), eta beroa eta euritsua (maiatzetik azarora). Iparraldean sabanako klima dago, bi urtarorekin: lehorra (abuztutik otsailera) eta euritsua (martxotik uztailera).[5]
Independentziaren aldeko borrokaren buruzagi izandako Félix Houphouët-Boignyk hartu zuen Boli Kostaren agintaritza Frantziatik banandu ondoren. Alderdi bakarreko sistema autoritarioaren bidez gidatu zuen herrialdea urte askotan. Bi ezaugarri zituen erregimen hark: batetik, lotura estua zuen Frantziarekin; bestetik, paternalista eta populista izan zen bere herriarekiko. Beti ere, tentsio erlijiosoak eta etnikoak bare mantentzea lortu zuen. Gerra Hotza indarrean zegoen, eta Men-debaldeko herriek zilegi ikusten zuten erregimen diktatorialak bultzatzea mundua bitan banatzen zuen egoera hura nolabait orekatzeko. Sobietar Batasuna hondoratu ostean, ordea, alderdi ugariko sistema eskatzen zuten herritarren protestak hedatu eta gero, hauteskundeak egitea onartu behar izan zuen Houphouët-Boignyk. Alderdi ugariko lehenbiziko hauteskundeak 1990ean egin ziren, eta Houphouët-Boigny indarturik atera zen bozetatik, bera aukeratu baitzuten berriro ere lehendakari.[7]
Houphouet-Boigny 1993an hil zen, eta haren ministroetako batek, Henri Konan Bédiék, hartu zuen gobernuaren gidaritza.[8] Hark, bere agintea bermatzeko, hegoaldeko eta mendebaldeko elite kristauen babesa lortzearren, iparralde musulmana bizitza politikotik kanpo utzi zuen erabat. Ingurumari hartan, Robert Guéï jeneralak estatu kolpea eman zuen 1999ko abenduan. Bere helburua bazterketa eta ustelkeriarekin amaitzea zela adierazi bazuen ere, hark ere iparraldea baztertzen jarraitu zuen. Herritarren eta nazioartearen babesa galduta, hauteskundeak egitea onartu zuen 2000ko urrian, baina Alassane Ouattara iparraldeko oposizioaren buruzagiari debekatu egin zion bozetara aurkeztea, haren gurasoak jatorriz Burkina Fasokoak zirela argudiatuta.[7]
2000ko hauteskundeen ondoren, irabazlea zela adierazi zuen Robert Guéïk, baina herritarrak ziren emaitza horien aurka matxinatu egin; azkenik, Laurent Gbagbo beste hautagaiaren garaipena onartu behar izan zuen. Gueik eta Gbagok elkarrekin adiskidetze nazionala bultzatu zuten arren, Ouattarak ordezkatzen zuen iparraldeko oposizioak bazterturik segitzen zuen. Horren ondorioz, 2002ko irailaren 19an estatu kolpea egiten saiatu ziren haren aldeko militarrak, Boli Kostako Mugimendu Abertzalea (MPCI) talde gerrillarian baturik. Oldarraldi horren ostean, Boli Kostako Lehen Gerra Zibila (2002-2007) hasi zen,[7] 3.000 heriotza baino gehiago eragin zituena.[9]
2007an bake akordioa sinatu bazen ere, Gbagbo presidentearen eta Guillaume Sororen arteko liskarren ondorioz —artean, Soro matxinoen buruzagia zen—, eta errolda ezartzeko izan zituzten arazoak zirela-eta, 2010eko azarora arte ezin izan zituzten hauteskundeak egin.[10]Alassane Ouattarak irabazi zituen hauteskundeak, botoen % 54arekin, baina Gbagbok ez zituen emaitzak onartu.[11] Horiek horrela, Boli Kostako Bigarren Gerra Zibila piztu zen, Laurent Gbagboren eta Alassane Ouattararen aldekoen artean.[9] Ouattarak NBEren eta Frantziaren laguntza behar izan zuen Gbagbo mendean hartzeko. 2011ko apirilean, Gbagbo atxilotu zuten, eta Ouattara Boli Kostako presidente bilakatu zen.[12][13] Sei hilabete iraun zuen gatazka horretan, 3.000 lagun hil ziren, eta bi aldeek egin zituzten gerra krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak, Amnesty Internationalen arabera.[14]
Boli Kosta errepublika presidentzialista da. Egungo konstituzioa 2016tik indarrean dago. Haren arabera, presidentea da estatuburua, eta lehen ministroa, gobernuburua. Parlamentuak bi ganbera ditu: Senatua (99 kide) eta Nazio Biltzarra (255 kide).[3]
22.671.331 biztanle zituen 2014an.[2] Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak % 38,5 dira, 15-24 urte bitartekoak % 20,2, 25-54 urte bitartekoak % 34,9, 55-64 urte bitartekoak % 3,5, eta 65 urtetik gorakoak % 2,8. Bizi itxaropena 61,3 urtekoa da; 59,2 urtekoa gizonezkoena eta 63,6 urtekoa emakumezkoena (2020ko zenbatespenak).[3]
Ekonomia jarduera nagusia nekazaritza bada ere (kakaoa, kafea, bananak, kotoia, kokoa, arroza, artoa, manioka). Diamante ekoizpena murrizten ari da, baina burdin eta tantalio meatze berriak aurkitu dituzte. Estatuaren erdialdeko Kassou urtegiak lurralde zabala ureztatzeko aukera ematen du. Industria gehiena Abidjan hirian biltzen da. Gerra zibila amaitu zenetik ekonomiak hazkunde handia izan du, atzerriko inbertsioei esker (BPGa % 8,3 handitu zen 2016an, eta 2017an, % 7,8).[3]