Hiria Shandong penintsularen hegoaldean dago, gune nahiko lauean. Dena den, 1.000 metrotik gorako mendiak gertu daude (altuenak 1.133 metro ditu). Hiriaren % 15,5 gune menditsua da. Qingdaok 730,64 kilometroko kostaldea du eta inguruetatik bost ibai igarotzen dira.
Mugakideok ditu: Itsaso Horia, hego-ekialdean; Yantai, iparralde eta ekialdean; Weifang ,mendebaldean; eta Rizhao, hego-mendebaldean.
Txina ekialdeko hiri gehienetan bezala, Qingdaoko klima ere Asiakomontzoiak baldintzaturik dago. Hilik euritsuenak udakoak izaten dira (montzoiak iraun bitartean). Neguak nahiko hotzak dira, eta abendutikotsailera egun batzuetan elurra botatzen du.
Qingdaon duela 6.000 urteko giza aztarnak aurkitu dira. Dongyi herria, Txinaren sortzearen aurreko herri aitzindarietako bat, Qingdaon bizi zela uste dute adituek. Dongyi herriak, Dawenkou, Longshan eta Dongyeshi kulturak sortu zituzten ondorengo mendeetan. Kristo aurreko 770. urtearen inguruan Jimo izeneko herria sortu zen, eta berehala Shandong eskualdeko bigarren herririk handiena bihurtu zen. Qingdao gaur egun ezartzen den gunea, Qing Dinastiak gobernatu zuen eta hiria Jiao'ao (胶澳) izena zeukan.
1891n Qing gobernuak hiriaren defentsak sendotu zituzten arren, 1898anAlemaniako armada Qingdao eta inguruko badiaren jabe egin ziren. Kolonia gisa, herriak garapen handia izan zuen, eta alemaniar itsas armadak zuzenean gobernatu zuen. Alemaniarrek hirian urte gutxi eman zituzten arren, eragina izan zuten hiriko hainbat gunetan, eta horrela egun Alemaniako arkitekturaren hainbat aztarna Qingdaoko hainbat tokitan daude.
Qingdao gaur egun Txinako Herri Errepublikako manufaktura gune erraldoia da. 1990eko hamarkadatik aurrera, hazkunde eta garapen itzelak izan ditu. Finantza barruti zaharraren ekialdean bulego dorre berriak eraiki dira, enpresen hazkundearen adierazgarri. Hiriaren kanpoaldean, industrialde handiak daude, kimikagintza, eta bestelako sektoreetako enpresak biltzen dituztenak.
2006. urtearen amaieran, zortzi milioi biztanle inguru bizi ziren hirian (erdigunea eta inguruko nekazal guneak kontutan hartuz). Hirigunean berez bizi den biztanleria 3 milioikoa da. Urteroko jaiotzak 76.000 inguru dira, jaiotza-tasa 10,15 da mila biztanleko, eta heriotza-tasa 6,32 mila biztanleko.
Hiriko etnia nagusia han da, biztanleriaren % 99,8; gainontzeko biztanleak 38 etniatakoak dira, horien artean, 80.000 koreatar (2007 amaierako datuen arabera).
Hiritarren batez besteko BPGa 7.616 dolarrekoa zen 2008an. Azken urteetan, Barne Produktu Gordina % 16 hazi da batez beste urtero, eta nahiz eta 2008an hasitako krisialdi ekonomikoarekin batera, hazkundea asko moteldu den, Txinako Herri Errepublikako hazkundearen gainetik dago oraindik ere. Hiriko enpresek manufaktura eta bestelako produktuak ekoizten dituzte. Hiriko enpresarik famatuena Tsingtao garagardoa ekoizten duen upategia da, 1903an alemaniarrek sortua.