Nilanjana Sudeshna "Jhumpa" Lahiri (Londres, 1967ko uztailaren 11) estatubatuar idazlea da, 1999an Interpreter of Maladies ipuin bildumarekin Pulitzer Saria Fikzioan irabazteagatik ezaguna[1]. Italian bizi izan da eta azken liburuak italieraz argitaratu ditu[2].
Jhumpa Lahiri Londresen jaio zen Indiatik etorritako familia batean eta hiru urte zituela familia Estatu Batuetara aldatu zen, Kingston (Rhode Island) hirira[3]. Aita Rhode Islandeko Unibertsitateko liburuzaina izan zen. Amak bengaliar ondarea mantendu nahi izan zuen seme alabengan eta bengaleraz hitzegiteaz gain aldiro senideak bisitatzera Kalkutara joaten ziren[3].
Bostongo Unibertsitatean egin zituen ikasketak; ingeles hizkuntza, idazkera sortzailea, literatura konparatua eta azkenik Pizkundeko Ikasketen doktoretza egin zuen. Doktoretzako hitzaldia XVII. mende hasierako Italiako jauregien ingurukoa izan zen ("Accursed Palace: The Italian palazzo on the Jacobean stage (1603–1625)")[4] eta ordutik du Italia eta italierarekiko zaletasuna, bere lanetan nabarmendu izan dena. 2001ean Alberto Vourvoulias-Bush kazetariarekin ezkondu zen eta 2012an Erromara joan zen bizitzera senarrarekin eta bi haurrekin[5]. 2015ean Princetongo Unibertsitatean idazkera sortzaileko irakasle bihurtu zen[6].
Urteetan ipuinak idazten ibili ondoren[3] 1999. urtean Interpreter of Maladies ipuin-bilduma atera zuen. Indiar inmigranteek atzerrian dituzten sentimenduak aztertzen ditu, bai eta lehenengo eta bigarren belaunaldien arteko aldeak ere. 600.000 liburu saldu zituen eta 2000an Pulitzer Saria Fikzioan jaso zuen[1].
2003an The Namesake argitaratu zuen, lehenengo eleberria hain zuzen ere[7]. 2007an liburuan oinarrituriko filmea egin zuen Mira Nair indiar-estatubatuar zuzendariak. Bollywoodeko izarrak izan ziren protagonista eta Lahirik berak Jhumpa izebaren papera bete zuen filmean[8].
2008an bigarren ipuin liburua atera zuen, Unaccustomed Earth, eta The New York Times egunkariak best seller zerrendan sartu zuen[9].
Unibertsitate garaitik izan zuen Italiarekiko miresmena eta italiera ikasten aritu zen urte luzez. 2015ean eguneroko antzeko saiakera liburua atera zuen italierarekiko izan zuen harremana eta bilakaera azalduz[2]. Italieraz atera zuen gainera, In altre parole izenarekin. 2018an italieraz lehenengo eleberria plazaratu zuen, Dove mi trovo izenekoa.
2021ean Whereabouts eleberria atera zuen, 2022an bere itzultzaile esperientzia Translating myself and others saiakeran isladatu zuen eta 2023an italieraz liburu berria atera zuen, Racconti romani ("Ipuin erromatarrak")[10].
- Interpreter of Maladies (Emozioen interpretatzailea, 1999).
- Unaccustomed Earth (Ohitu gabeko Lurra, 2008).
- In altre parole (Betse hitz batzutan, 2015).
- Il vestito dei libri (Liburuen jantzia 2016).
- Translating myself and others (Neure burua eta beste zenbait jende itzultzen, 2022)
- Il quaderno di Nerina (Nerinaren koadernoa, 2020).
- PEN/Hemingway Saria (1999) - "Interpreter of Maladies"
- Pulitzer Saria Fikzioan (2000) - "Interpreter of Maladies"
- Asian American Literary Awards (2009) - "Unaccustomed Earth"
- DSC Prize for South Asian Literature (2014) - "The Lowland"
- PEN/Malamud Saria (2017)[11]