Hazkundearen kurba apaldu

Kurba apaltzea edo kurba lautzea osasun publikoaren kontzeptu zentrala da 2019-20ko koronabirus pandemiaren kudeaketan lotua. Kurba epidemikoari dagokio eta denboran zehar kutsatutako pertsona kopurua adierazteko grafikoa da. Epidemia batean, arreta medikoko sistema desoreka daiteke infektatutako pertsonen kopuruak gainditzen duenean arreta medikoko sistemaren gaitasuna.

Urruntze sozialak infekzioen gailur akutua saihesten laguntzen du, hazkundearen kurba apaltzen duelako, osasun-zerbitzuei eskariari erantzuten lagunduz, eta osasun-zerbitzuak handitzeko eta hobetzeko denbora emanez.[1][2][3]
Infekzioaren hedapen-abiadura eta osasun-sistema gainditzeagatik eragindako heriotzak alderatzen dituen simulazioa bi kcapacasutan: harreman "arruntekin" (ezkerrean (200 lagun modu askean mugitzen) eta "urruntzearekin" (25 lagun modu askean mugitzen).
Berdez = Osasuntsuak, kutsatu gabekoak
Gorria = Kutsatuak
Urdina = Sendatuak
Beltza = Hildakoak
[4]

Kurba apaltzeak epidemiaren hedapena moteldu egiten dela esan nahi du, hazkundea mugatzen delako, eta horrela batera kutsatutako pertsonen kopuru maximoa mugatu daiteke, arreta medikoa sustatzen duen sistema gainditzea saihestuz. Kurba apaltzeko arintze-estrategiak erabiltzen dira, urruntze soziala bereziki.

Premiaren zergatia

Azterketek erakutsi dutenez COVID-19 pandemian neurriak hartu ezean zainketa intentsiboetako unitateetako (ZIU) oheen beharra izugarri handi daiteke. Adibidez Erresuma Batuan egindako azterketa batean behar hori 46 aldiz handiago izango zela estimatu da.[5] Tratamenduetan behar diren funtsezko aparailuak ere urri suerta daitezkeela, arnasgailuekin gertatu zen bezala.[6] Beste era bateko oinarrizko elementuak ere, maskarak edo norbera babesteko ekipamenduak, faltan suerta daitezke oso azkar eta arazo gehigarria bihurtu[7].

Neurriak

Gaixotasun bat zirkulatzen ari dela jakiteak jokabide-aldaketa ekar diezaieke leku publikoetatik zein beste pertsona batzuengandik urrun egotea erabakitzen duten pertsonei. Epidemiak kontrolatzeko aplikatzen denean, urruntze sozial horrek onurak ekar ditzake, baina kostu ekonomiko batekin. Ikerketek diote neurriak zorrotz eta berehala aplikatu behar direla, eraginkorrak izan daitezen[8]. Urruntze sozialeko hainbat neurri erabiltzen dira gaixotasun kutsakorren hedapena kontrolatzeko[9].

Kontaktu fisikoa ekidin

Eskua emateari alternatibak, urruntze sozialareko beste trensa bat.

Gutxienez bi metroko tartea mantenduz eta zuzeneko kontaktu fisikoa dakarten besarkadak eta keinuak saihestuz, infekzio-arriskua murrizten da gripe-pandemietan eta 2020ko COVID-19 pandemian[10]. Bereizketa distantzia horiek, higiene pertsonaleko neurriez gain, lantokietan ere komeni dira[11]. Ahal den guztietan etxetik lan egitea gomendatu daiteke[12].

Hainbat aukera proposatu dira eskuak estutzeko tradiziorako. Namaste keinua, eskuak elkartzea, erpurua gorantz jartzea, eskuak bihotzera eramatea... ukitu gabeko agurtze alternatibak dira. Erresuma Batuko 2020ko koronabirus pandemian, Karlos printzeak erabili zuen keinu hori harrerako gonbidatuak agurtzean, eta OMEko zuzendari nagusi Tedros Adhanom Ghebreyesusek eta Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk gomendatu dute. Beste aukera batzuk urrunetik agurtzea, shakaren zeinua eta bihotzean esku bat jartzea dira, Irango zenbait tokitan egiten den bezala[13].

Eskolen itxiera

Eredu matematikoek erakutsi dute pandemia baten transmisioa atzeratu daitekeela eskolak itxiz. Eraginkortasuna, ordea, haurrek eskolatik kanpo mantentzen dituzten kontaktuen araberakoa da. Sarritan, gurasoetako batek lanetik denbora librea hartu behar izaten du, eta baliteke itxiera luzeak behar izatea. Faktore horiek nahasmendu sozial eta ekonomikoak eragin ditzakete[14][15].

Lantokien itxiera

Ameriketako Estatu Batuetako datuetan oinarritutako modelizazio- eta simulazio-azterketek iradokitzen dute eragindako lantokien %10 ixten bada, infekzioaren transmisio-tasa orokorra %11,9 ingurukoa dela, eta epidemiaren puntako unea zertxobait atzeratzen dela. Aldiz, kaltetutako lantokien %33 itxita badaude, eragin-tasa %4,9ra jaisten da, eta epidemiaren puntu gorena astebete atzeratzen da[16][17]. Lantokien itxierek "funtsezkoak" ez diren enpresen eta gizarte-zerbitzuen itxiera barne hartzen dute. Funtsezko zerbitzu gisa ulertzen da komunitatearen behar primarioak asetzen dituela[18].

Masa-bilerak bertan behera utzi

Transmisio adibide bat, eta urruntze sozialaren eragina.

Bilera masiboak bertan behera uzteak kirol-ekitaldiak, zinemak edo musika-ikuskizunak barne hartzen ditu[19]. Bilera masiboek gaixotasun infekziosoak transmititzeko potentziala handitzen dutela iradokitzen duen ebidentzia ez dago guztiz frogatua[20]. Proba anekdotikoek iradokitzen dute bilera masibo mota batzuk lotuta egon daitezkeela gripea transmititzeko arrisku handiagoarekin, eta eremu batean andui berriak "erein" daitezkeela, komunitate-transmisioa pandemia batean bultzatuz. 1918ko gripe pandemiaren garaian, Filadelfia[21] eta Bostongo[22] desfile militarrak izan zitezkeen gaixotasunaren hedapenaren arduradunak, infektatutako marinelak eta zibil ugari nahastean. Bilera masiboak murrizteak, gizartea urruntzeko beste esku-hartze batzuekin batera, transmisioa murrizten lagun dezake[23].

COVID-19aren pandemian masa-ekitaldi batzuek izandako eragina ere aztertu da[24][25].

Bidaiak murriztea

Litekeena da mugako murrizketek edo bidaiatzeko barne-murrizketek bi edo hiru aste baino gehiago atzeratzea izurrite bat, %99tik gorako estaldurarekin aplikatzen ez badira[26]. Egiaztatu zen aireportuetan egindako detekzioa ez zela eraginkorra 2003an Kanadan[27] eta Estatu Batuetan[28] egindako SARS agerraldian birusaren transmisioa prebenitzeko. Austriaren eta Otomandar Inperioaren arteko mugako kontrol zorrotzak, 1770etik 1871ra bitartekoak, izurri bubonikoarekin kutsatutako pertsonak Austrian sartzea eragozteko ezarri zirenak, eraginkorrak izan zirela jakinarazi zen; izan ere, ez zen izurri agerraldi handirik izan Austriako lurraldean ezarri ondoren, baina Otomandar Inperioak XIX. mendearen erdialdera arte izurriaren agerraldi ugari jasaten jarraitu zuen bitartean[29].

Ipar-ekialdeko Unibertsitateak 2020ko martxoan argitaratu zuen ikerketa baten arabera, "Txinarako eta Txinatik egindako bidaia-murrizketek COVID-19ren nazioarteko hedapena geldiarazten dute, erkidego-mailako eta banakako transmisioa murrizteko ahaleginekin konbinatzen direnean". Bidaia-murrizketak ez dira nahikoak, gizartearen urruntzearekin bat egiten ez badugu"[30]. Azterketak jakin zuenez, Wuhanera bidaiatzeko debekuak Txina kontinentaleko beste leku batzuetara zabaltzea hiru egunetik bost egunera atzeratu zuen, baina nazioarteko kasuen hedapena %80ra murriztu zuen. Bidaia-murrizketak hain eraginkorrak ez izateko arrazoi nagusietako bat da COVID-19 duten pertsona askok ez dutela sintomarik agertzen infekzioaren lehen etapetan[31].

Kasu posibleen berrogeialdia

2003an Singapurren izandako SARS gaixotasunaren agerraldian, 8.000 pertsona inguruk etxeko berrogeialdia jasan behar izan zuten, eta beste 4.300ek sintomak autokontrolatu behar izan zituzten eta osasun-agintariekin harremanetan jarri egunero, epidemia kontrolatzeko. Pertsona horietatik 58ri bakarrik diagnostikatu zitzaien azkenean SARS, baina osasun publikoko funtzionarioak pozik agertu ziren neurri horrek infekzioa gehiago zabaltzea saihesten lagundu zuelako[32]. Autoisolamendu boluntarioak 2009an Texasen gripearen transmisioa murrizten lagundu ahal izan du[33]. Epe motzeko eta luzeko ondorio psikologiko negatiboak jakinarazi ditu[34].

Osasun-hesia

Sakontzeko, irakurri: «Osasun-hesi»
Errumaniako polizia herri bat isolatzen kolera epidemia batean.

Osasun-hesi terminoa lehen aldiz cordon sanitaire bezala erabili zen 1821ean, Armand-Emmanuel du Plessis de Richelieuk Frantziako tropak Espainia eta Frantzia arteko mugan jarri zituenean sukar horia Frantziara iris zedin ekiditeko[35]. Hala ere, baditu beste adibide historiko batzuk lehenago. Adibidez 1523an Maltan izurri beltza Birgu herritik ateratzeko osasun-hesi bat antolatu zuten.[36] 1666an Eyam herri ingelesak bere buruaren gaineko osasun-hesia ezarri zuen izurria hedatzea ekiditeko. Hurrengo hamalau hilabeteetan populazioaren %80 hil zen[37]. Inguruko herriek janaria ematen zieten puntu zehatzetan eta ordainketa ozpinarekin garbitutako txanponekin egiten zuten[29].

1793ko Filadelmiako sukar horiaren epidemian errepideak eta zubiak blokeatu ziren gaixotasunaren hedatzea gelditzeko. Garai horretan ez zen ezagutzen oraindik nola hedatzen zen gaixotasun hori[38][39]. 1869an Adrien Proustek (Marcel Prousten aita) proposatu zuen kolera Indiatik Europa eta Afrikara heltzea ekiditeko nazioarteko osasun-hesi bat egitea. Bere proposamenean India eta Hegoaldeko Asiatik zetozen itsasontzi guztiek berrogeialdia pasa beharko zuten Suezen, baina ideia ez zuen inork hartu[40][41].

XX. mendean ere adibideak asko izan dira. Adibidez, 1995ean osasun-hesi bat erabili zen Kikwiten (Zaire) ebola birusaren gaixotasunaren agerraldi bat kontrolatzeko[42][43]. Mobutu Sese Seko presidenteak tropekin inguratu zuen hiria, eta komunitaterako hegaldi guztiak eten zituen. Kikwiten barruan, Osasunaren Mundu Erakundeko eta Zaireko mediku taldeek kordoi sanitario gehiago eraiki zituzten, lurperatze eta tratamendu guneak populazio orokorretik isolatuz eta infekzioa arrakastaz mantenduz[44].

Babes-bahiketa

Babes-bahiketa osasun hesiaren kontrakoa da. Osasuntsu dagoen gune bat mantentzeko erabiltzen da. 1918ko gripe izurritearen garaian, Gunnison herria, Coloradon, bi hilabetez isolatu zen infekzioa sartzea saihesteko. Errepideak blokeatuta zeuden, eta iristen ziren trenetako bidaiariak berrogeialdian zeuden bost egunez. Isolamenduaren ondorioz, inor ez zen gripeak jota hil Gunnisonen, izurriteak iraun zuen bitartean[45]. Beste komunitate batzuek antzeko neurriak hartu zituzten[46].


Ikus, gainera

Kanpo estekak

Erreferentziak

Kanpo estekak