Giza migrazio goiztiarrak

Giza migrazio goiztiarrak kontinenteen arteko gizaki moderno eta arkaikoen lehen migrazio eta hedapeneideritze. Ustez, gutxi gorabehera duela bi milioi urte hasi ziren, Homo erectusaren Afrikatik kanpoko hedapen goiztiarrarekin. Hasierako migrazio hau bestelako gizaki arkaikoen migrazioa baino lehenago gertatu zen; hala nola, H. heidelbergensis, duela 500,000 urte inguru bizi zena eta, ustez, Denisovanoen, Neanderthalen eta gizaki modernoen arbasoa.[2]

Ustezko migrazio-olatuak Afrikatik kanpo eta Afrikarantz berriro, bai eta gizaki arkaikoen arrasto fosilen kokaleku nagusiak eta leku arkeologiko nagusiak[1]

Afrikan zehar, Homo sapiens bere espeziazio-denboraren inguruan hedatu zen, duela 300,000 urte inguru[3], 350,000–260,000 urteko tartean.[4][5] Arestiko Afrika-jatorriaren paradigmaren arabera, Afrika-kanpoko anatomikoki modernoa den gizakia duela 70,000–50,000 urte Ekialdeko Afrikatik migraturiko H. sapiensen populazio baten ondorengoa da, Asiako eta Ozeaniako kostaldetik migratuz hedatzen jarraitu zuena, duela 50,000 urte inguru. Europan zehar, era berean, duela 40,000 urte inguru hedatzen hasi zen gizaki modernoa.

Eurasiako Homo sapiens goiztiarraren fosilak Palestina eta Grezian aurkitu dira, duela 194,000–177,000 urtekoak eta duela 210,000 urtekoak, hurrenez hurren. Fosil hauek, ustez, Homo sapiens goiztiarraren huts egindako sakabanatze-prozesuak lirateke, seguruenik populazio Neanderthal lokalek ordezkaturikoak.[3][6][7][8][9]

Migratu zuten giza populazio modernoek zaharragoak ziren populazio lokalekin gurutzatzu zirela aski ezaguna da egun; hala, gaur egungo giza populazioak, zati batean bada ere –%10ekoa baino gutxiago, non baliorik altuenak Melanesian aurkitzen diren, eta baxuenak, Eurasia eta Afrikan–, giza arkaikoen eskualde-barietateen ondorengo dira.[10][11][12]

Azken Glaziazioaren Maximoaren ostean, Ipar Eurasiako populazioak Ameriketara migratu zuten duela 20,000 urte inguru, Ipar Eurasiako iparraldeeneko lurraldeak Holozenoaren hasierara arte –duela 12,000 urte inguru– populatua izan ez zen arren. Kanada Artikoa eta Groenlandia duela 4,000 urte izan zen giza hedaduraren helburu, Paleo-Eskimoak bertara ailegatu zirenean. Amaitzeko, Polinesia duela 2,000 urte inguru populatu zen ere, Austronesiarren hedapenaren azken fasean.

Gizaki goiztiarrak (Homo sapiensaren aurretik)

Sakontzeko, irakurri: «Afrikatik kanpoko hedapen goiztiar»

Gizaki goiztiarrenak beren arbaso australopitezinoetatik garatu ziren duela hiru milioi urte inguru, seguruenik Ekialdeko Afrikako Keniako Rift Haranean, non ezagutzen diren harrizko tresna zaharrenak kokatzen diren. Era berean, aipagarri da duela gutxi Txinako Shangchen-eko leku arkeologikoak duela 2.12 milioi urteko harrizko erramintak aurkitu direla, Afrika-kanpoko homininoen ebidentzia zaharrena litekeena, Dmanisi-koa (Georgia) baino 300,000 urte zaharragoa.[13]

Homo erectus

Sakontzeko, irakurri: «Homo erectus» eta «Olduvai aldia»

Duela 2,000,000–1,000,000 urte, Homo Ekialdeko Afrikatik Hegoaldeko Afrikara hedatu zen –Homo ergasteraren fosilek aditzera ematen dutenez–, baino ez Mendebaldeko Afrikara. Duela 1.8 milioi urte, Homo erectusa Afrikatik kanpo hedatu zen lehen aldiz Levanteko korridorea zein Afrikako Adarra erabilita, Eurasiarantz. Operazio hau, ustez, duela 1.9 milioi urte hasitako "Saharako ponparekin" erlazionaturik legoke. Homo erectusa Mundu Zaharraren gehiengoan zehar hedatu zen, Hego-ekialdeko Asiaraino ailegatuz, H. erectusaren Olduvai aldiko industria litikoa aztertuz inferi daitekeena duela –adibidez, duela 1.3 milioi urteko harri-tresnak 40. paraleloan, Xiaochangliang-en–.

Aipatutako hedatze-bideen leku klabeen artean, bereziki dira aipagarri Pakistaneko Riwat –duela, gutxi gorabehera 2 milioi urte–[14] Levanteko Ubeidiya –duela 1.5 milioi urte– eta Georgiako Dmanisi –duela 1.81± 0.03 milioi urte–.[15]

Bestalde, Txinan ere Homo erectusaren Afrika-kanpoko migrazioaren ebidentzia-iturri nagusia da; hala nola, Lantian barrutiko Gongwangling-en, duela 2.12 milioi urtekoak.[16] H. erectusaren bi ebakortz ere aurkitu dira Yuanmou inguruan (Hegoaldeko Txina), duena 1.7 milioi urtekoak, bai eta duela 1.63 milioi urteko garezur bat, Lantian barrutian. Era berean, duela 1.6–1.7 milioi urteko artefaktuak ere aurkitu dira Nihewan arroko Majuangou III eta Shangshazui lekuetan.[16][17] Shanxi probintziako Xihoudu arkeologia-lekuan (西侯渡) Homo erectusaren su-erabileraren lehen aztarnak ere identifikatu dira, duela 1.27 milioi urtetakoak.[18]

H. erectusa Hego-ekialdeko Asiara, berriz, –adibidez, Java uhartea– duela 1.7 milioi urte heldu zen –Meganthropus hominidoaren aztarnen datazioaren arabera–, Mendebaldeko Europa duela 1.2 milioi urte populatu zen bezala –Atapuercako leku arkeologikoaren datazioen arabera–.[19]

Robert G. Bednarik-en arabeta, Homo erectusa ozeanoak gurutzatzeko ahalmena eduki zuen baltsak sortzeko ahalmena zuelako, kontrobertsia anitz sustatu duena.[19]

H. erectusaren ostean

Sakontzeko, irakurri: «Neandertalen iraungitze», «Klaktoniar», «Mikokiar» eta «Mousteriar»

Homo erectusaren sakabanatze-momentutik milioi bat urte geroago, H. erectusa espezie berrietan dibertsifikatu zen. Kronoespezie bat den heinean ezin dugu zehaztu H. erectusaren iraungitze-denborarik, konbentzio taxonomikoetatik haratago, behintzat. H. erectusaren forma berantiarrenak duela 500,000–143,000 urtera arte biziraun zurela uste da –Javako Homo erectus soloensis azpiespeziearen iraungitze-data, hasiera batetan, duela 50,000–40,000 urte kokatzen zen arren, gaur egun, gutxienez, duela 143,000 urte kokatzen da, seguruenik duela 500,000 urte baino gehiago–,[20] H. erectusaren forma eratorriak –Homo antecessor Europan eta Homo heidelbergensis Afrikan– duela 800,000-600,000 urte aurki daitezkeelarik. H. heidelbergensis, ostean, Ekialdeko Afrikan zehar hedatu zen –ikus Homo rhodesiensis– eta, bertatik, Eurasiara, nondik Neanderthalak eta Denisobanoak agertu ziren.

Homo sapiens

Afrikan zeharreko hedapena

Sakontzeko, irakurri: «L makrohaplotaldea (mtDNA)» eta «Saharaz hegoaldeko Afrika»

Ustez, Homo sapiensa Afrikan duela 300,000 urte inguru agertu zen, 2017. urtean Jebel Irhoud-en (Maroko) aurkitutako arrasto eta artefaktuen datazio termoluminiszentearen arabera –286±32 eta 315±34 mila urte artean, hain zuzen ere–.[21] Era berean, Florisbad-eko (Hegoafrika) Florisbadeko garezurra, duela 259,000 urtetan dataturikoa, Homo sapiens goiztiar bezala dago ere sailkaturik.[22][23][24][25] Aztarna hauek baino lehenago aurkitu ziren Omo arrastoak, 19671974 tartean lortutakoak Etiopiako Omo Parke Nazionalean, urte askotan zehar Homo sapiensaren aztarna zaharrenak zirenak, duela 200,000 urtetakoak.[26]

2019ko uztailean, antropologo talde batek Europako Homo sapiensaren eta Homo heidelbergensisaren aztarna zaharrenak aurkitu zituzten Grezia hegoaldeko Apidima Kobazuloan, duela 210,000 eta 170,000 urtetakoak, hurrenez hurren, momentura arte Europan aurkitutako Homo sapiensaren aztarnak baino 150,000 urte zaharragoak.[3][7][8][9] Era berean, 2019ko irailean, anatomikoki modernoak diren Homo sapiens guztien azken arbaso komunaren garezur birtuala osotu zen, 260 OTAtan oinarriturik, Homo sapiens goiztiarrenaren irudi izango zitekeenarena lortzeko. Ikerketa berdinak, halaber, lehen Homo sapiensa Hego Afrikako eta Ekialdeko Afrikako populazioen batzearen ondorioz agertu zen, duela 260,000–350,000 urte inguru.[27][28]

Gizaki moderno goiztiarrak Hegoaldeko zein Erdialdeko Eurasiara zein Hegoaldeko Afrikara hasiera-hasieratik hedatu ziren. Eurasiarako sakabanatze goiztiarrek porrota jaso bazuten ere,[1][29] Homo sapiensaren Hegoaldeko zein Erdialdeko Afrikarako sakabanatzea dibergentzia tenporal handia suposatu zuen garaiko giza populazioentzako. Aipatutako sakabanatze hauen adibide dugu, bestalde, Acheul aldiko Fauresmith industria, duela 130,000 urte inguru. Sakabanatze honen ondorioz, gainera, gizaki moderno eta arkaikoak duela 12,000 urte arte, gehienez, batera bizi behar izan zuten seguruenik, bereziki Mendebaldeko Afrikan lurraldearen kontrolearen ondorioz borrokak sorrarazi zituena.[30]

L makrohaplotaldearen banaketa nagusia, Afrikan zehar: L0 haplotaldea eta L1-6 haplotaldeak.

Gaur egungo Khoisan modernoen arbasoak Hego Afrikara hedatu ziren duela 150,000 urte baino lehen –izan liteke duela 260,000 urte baino lehenago ere–,[4] duela 130,000 urteko MIS 5eko lehorraldi handiaren hasierarako Afrikan bi populazio-cluster nagusi egon zedin; Hego Afrikako L0 haplotaldea eta egungo Khoisanen arbasoak eta L1-6 haplotaldea, bestelako guztion arbaso. Era berean, duela 75,000–120,000 urteko tartean L0 haplotaldearen atze-migrazioa gertatu zen ere, Ekialdeko Afrikarantz.[31]

Bestalde, Erdialdeko Afrikaranzko hedapenari dagokionez, Afrikako pigmeoek bideratutakoa izan zena, duela 130,000 urte gertatu zen seguruenik, dudarik gabe duela 60,000 urte baino lehenago.[32][33][34][35][36]

Amaitzeko, Mendebaldeko Afrikako egoera kronologikoki azaltzea askoz zailagoa da, ebidentzia fosilak urriak baitira bertan. Ustez, Homo sapiensa duela 130,000 urte ailegatu zen Sahel eskualdeko mendebaldera, Mendebaldeko Afrikako gune tropikalagoak ostera kolonizatu ziren bitartean. Afrikako bestelako lurraldeetan ez bezala, arkaikoen Erdialdeko Harri Aroa askoz berandurango arte iraun zuen bertan, Holozeno hasierara arte –duela 12,000 urte–. Aipatutako azkeneko honek, aditzera eman lezake Mendebaldeko Afrikako gizaki arkaikoen biziraupen berantiarra eta honen ondoriozko Homo sapiensarekin edukitako hibridazio berantiarrak ere.[30]

Afrika Iparraldeko arestiko barreiatzea

Sakontzeko, irakurri: «Gizaki modernoen arestiko afrikar jatorria» eta «Saharako ponparen teoria»

Homo sapiensaren populazioak Levanteko korridorera eta Europara duela 115,000–130,000 urte migratu zuten, duela 185,000 urteko olatu goiztiarrak teorizatzen badira ere; izan ere, zenbaiten arabera, duela 177,000 urte gizaki modernoaren presentzia emango zitekeen Europan.[29]

Misliyako Kobazuloan aurkitutako baraila-zati zortzihortzdun bat duela 185,000 urtetan dago dataturik. Era berean, kobazulo berdinean, duela 140,000–250,000 urtetako estratuan Levallois teknikadun artefaktuak aurki daitezke ere, migrazio goiztiar hauen data are atzerago bultzatuko luketeenak –betiere, artefaktu hauek fosilei egokitzekotan soilik–.[37][38] Halere, migrazio goiztiar hauek ez dirudite gaur egungo egoeraren erantzule eta, are gehiago, migrazio horren azkeneko banakoak duela 80,000 urte iraungi zirela uste da.[1] Izan liteke lehen migrazio goiztiar hau gaur egungo Txinara –eta, duda askoz gehiagorekin, Ipar Amerikara ere–[39][erreferentzia behar] heldu izana, seguruenik duela 125,000 urte, baina gaur egungo Homo sapiens modernoon genoman arrastorik utzi gabe desagertuz.[1]

Bab el-Mandeb itsasartearen bidezko hedapena, gaur egungo Djibutitik gaur egungo Yemeneraino.

Aztarnek diotenez, gizaki modernoa Afrikatik ateratzeko unean, duela 125,000 urte, gutxienez, bi bide ezberdin jarraitu zituen: Nilo Bailara zehar Ekialde Ertainera, gutxienez gaur egungo Palestinara arte –Qafzeh-en, duela 100,000–120,000 urteko aztarnak aurki daitezke– zein gaur egungo Bab el-Mandeb itsasartearen bidez, Itsaso Gorrian –kontutan hartu beharrekoa da, garai hartan, itsas maila baxuagoa zela rta, ondorioz, itsasarte hau askoz estuagoa zela–, Arabiako Penintsulara ailegatuz[40][41] eta gaur egungo Arabiar Emirerri Batuetan –duela 125,000 urte–[42] zein Omanen –duela 106,000 urte–[43][44] geratuz. Posible liteke ere, bigarren bide honetan, Indiako azpikontinentera ere ailegatu izana, Jwalapuram-eko duela 75,000 urteko aztarnek aditzera ematen dutenez –azken hau zalantzagarria bada ere, ez baitira fosilik aurkitu–.[45][46] Aztarna fosilik aurkitu ez den arren, bestalde, Indiako harrizko artefaktuek antzekotasun asko aurkezten dute Jebel Faya-n zein Afrikako bestelako arkeologia-guneetan aurkitutakoekin, gizaki modernoek eginak direla aditzera eman dezakeena.[47] Aurkikuntza hau, hala izango balitz, gizaki modernoak gaur egungo Txinara duela 100,000 urte inguru ailegatu zirenaren ideia bultzatuko luke –Zhiren Kobazuloa, Zhirendong, Chongzuo; duela 100,000 urte–[48][49][50][51] eta Liujiang-eko hominidoa, Luijuiangen –duela 111,000–139,000 urte, oso eztabaidatua–.[52] Are gehiago, Lunadong-eko hominidoaren hortzek (Bubing arroa, Guangxi, Hegoaldeko Txina) –besteak beste, goiko zein beheko ezker-hagin bat– hominidoa, gehienez, duela 126,000 urtetan datatzen dute.[53][54] Aipatu bezala, hedatze goiztiar hauek ez zutenez marka genetikorik utzi ez Y kromosomako DNAn ez DNA mitokondrialean ere –halere, giza material genetikoaren parte txikia da hau–, ustez, gizaki moderno goiztiar hauek ez zuten kopuru handian biziraun eta gure arbasoen migrazio berantiarragoek ordezkatu zituzten. Beste batzuen ustez, ordea, duela 74,000 urteko Tobako erupzioa izan zen gizaki goiztiar hauen iraungitzearen zergatia, Tobaren katastrofe deritzonaren ondorioz, hain zuzen.[55]

Kostaldeko migrazioa

Afrikatik kanpoko bi bideek Hegoaldeko Barreiaduraren paradigma berdinean bukatzen dute, gaur egungo India ingurutik duela 50,000–70,000 urte inguru

"Duela gutxiko barreiatzea" duela 50,000–70,000 urte hasi zen, gaur egungo giza populazioon sorrera izan zena; bigarren barreiatze honek, lehenengoak ez bezala, ez zuen porrota jaso, beraz.[56][57][58]

Ekialdeko Afrikako populazio batetako talde txiki batek, genetikoki L3 haplotaldeduna eta kopuruan 1,000 banako baino txikiagokoa,[59][60] gaur egungo Yemen ingurutik Itsaso Gorria zeharkatu zuen Bab el-Mandeb itsasartetik, duela 75,000 urte inguru.[61] Era berean, aipatutako "iparraldeko bidearen" aldeko aztarna berriak aurkitu dira Afrikako Levanteko korridorean zehar, egungo Sinai, Palestina eta Sirian zehar, hain zuzen ere.[1] Populazio honen ondorengoak, orduan, kostaldeko bidetik hedatu ziren Arabiar penintsula eta egungo Irango kostaldetik barrena, Indiako azpikontinentera ailegatuz, gehienez, duela 55,000 urte. Halere, bestelako ikerketek Out of Africa-dispertsio hau denboran orainaldirago kokatzen dute, duela 50,000–65,000 urte.[3][1][62] Hala, esan daiteke kostaldeko migrazio hau, dudarik gabe, duela 50,000–70,000 urte gertatu zela, L3 haplotaldearen eratorriak diren M eta N haplotaldedunak ziren populazioek bideratutakoa.

Hedapen-bidean zehar, gainera, Homo sapiensa Neanderthalekin zein Denisobanoekin elkargurutzatu zen;[63] hala, egun oraindik ere, Asia kontinentaleko zein Amerikako indigenoen DNAren %0.2a denisobano-jatorrikoa da.[64]

Ozeania inguruko migrazioa

Duela 20,000 urte inguruko ur- eta lur-masen banaketa, Azken Glaziazioaren maximo-aldean; bertan, hainbat muga geografiko ikus daitezke: Sunda eta Sahul lur-masak, Wallace Lerroa (Wallace Line bezala adierazia), Lombok uhartea eta Weber Lerroa (Weber Line).
Gaur egungo Australia eta Ginea Berriaren populaketak, duela 50,000–60,000 urte inguru.

Migrazioek Asiako kostaldetik zehar jarraitu zuten, Hego-ekialdeko Asiara zein Ozeaniara ailegatuz eta Australia kolonizatuz duela 50,000–65,000 urte.[65][66][67] Australiara ailegatzearen ondorioz, Homo sapiensak, lehen aldiz, Homo erectusak baino banaketa geografiko handiagoa lortu zuen. Denisobanoak bizi ziren lekuetan, bereziki Ekialdeko Asian, H. sapiensaren eta Denisobanoen arteko elkargurutzaketa azter daiteke bertako jatorriko populazioen genoman; hala nola, Mamanwa taldean, Filipinetako Negritoetan zein Melanesiarretan.[68][69][70] Hala, Denisobanoek, ustez, Wallace Lerroa gurutzatu bazuten ere Wallacea-raino ailegatuz,[71][72] eta H. erectusa Floresko itsasoraino ailegatu bazen ere, Lombok itsasartea gurutzatuz, ez bata ez bestea ez zen Australiaraino ailegatu, Homo sapiensa ez bezala.[73][74]

Garai hartan itsas maila askoz baxuagoa zen, eta Hego-ekialdeko Asiako itsas aldea Sunda izenarekin ezaguna den lur-masa bakarra osatzen zuen. Hala, kostaldeko migrazioak Sunda eta Sahul arteko –egungo Australia eta Ginea Berriak osatzen zuen lur-masaitsasartetik zehar jarraitu zuen. Halere, aipagarri da Weber Lerroan zeharreko itsasarteak 90 kilometroko zabalera har zezaketela,[75][76][77] Homo sapiensari nolabaiteko itsasoan ibiltzeko trebezia eskatu ziona, gaur egungo Australia eta Ginea Berriaren kolonizazioaren bermatze bidean. Kostaldeko migrazioak gehiago ere jarraitu zuen, ipar-ekialderanzko bidea hartuz, berriro ere Txinarantz, eta Japoniara ailegatuz, kontinente barnerantz bideratu aurretik. Hau genetikoki analizagarria da M haplotaldearen ondorengoak zein Y kromosomako C haplotaldea ikertuz.

Mendebaldeko Australian aurkitutako ile-lagin zahar bateko genoma indigenoaren sekuentziazioaren arabera, analizatutako banakoa duela 62,000–75,000 urte Ekialdeko Asiatik migratutako jendearen ondorengoa zen; honek, egungo Australia zein Ginea Berriaren populaketa migrazio-olatu bakar baten ondoriozkoa izan zenaren hipotesia indartzen du, Asiar Modernoen populatzearen aurretik gertatuko zena betiere, duela 25,000–38,000 urte, ostean Ipar Amerika kolonizatuko zutenak ere.[78] Migrazio-ebentu bakar hau, ustez, duela 50,000 urte gertatuko zen, Sahul lur-masa betirako banatu baino 8,000 urte inguru lehenago.[79][80] Datazio honen alde, era berean, hurrengo frogak aipa daitezke –datazio zaharrenak aipatuko dira, kasu guzietan–: duela 50,000–60,000 urteko kokalekuen aztarnak, Australian;[4][81] duela 40,000 urte inguruko giza aztarnak;[4] duela, gutxienez, 65,000 urteko artefaktuen presentzia[82] eta duela 15,000–46,000 urteko Australiako megafaunaren iraungitzea,[83] Amerikako populaketan gertatutakoaren analogo. Halere, harri-tresnen presentzia erlatiboki modernoak zalantzan jarri ditu azken urteotan ezarritako data hauek.[84]

Eurasian zeharreko barreiatzea

Sakontzeko, irakurri: «Goi Paleolitoa», «Goi Paleolitoa Euskal Herrian», «Mamut estepa», «Gizaki modernoen eta arkaikoen hibridazioak» eta «Mousteriar»

Kostaldeko migrazioaren bidez Hegoaldeko Asiara ailegatu zen populazioa denbora batez egon zen bertan –gutxi gora behera, duela 50,000–60,000 urte–, Eurasiarantz hedatu aurretik. H. sapiens goiztiar hauen banaketa, Goi Paleolitoaren hasieran, gaur egungo populazio nagusien sorrera-puntua izan zen, bai Mundu Zaharrean zein Mundu Berrian.

Hegoaldeko Asiako mendebaldeko Goi Paleolitoko populazio jakin batzuk, R haplotaldedunak –eta honen eratorriak diren haplotaldedunakAsia eta Europan zehar hedatu ziren, M1 haplotaldearen atze-migrazio bat ere sortuz Iparraldeko Afrikara zein Afrikako Adarrera, duela milurteko batzuk. H. sapiensaren presentzia, Europan, duela 40,000 urtetan koka daiteke duda zantzik gabe, seguruenik duela 43,000 urtetan ere,[85] modu oso azkarrean garaiko Neanderthal populazioak ordezkatuz. Gaur egungo europearrek Neanderthal-ekarpenak baditugu ere, ustez, Neanderthalen eta Homo sapiensen arteko elkargurutzatzean duela 47,000 urte baino gehiago eten zen; hau da, material genetikoaren trukatze hau gizaki modernoak Europara sartu baino aurrekoak dira.[86]

DNA mitokondrialak aditzera ematen duenez, gizaki modernoek gutxienez botila-lepoko ebentu bat pairatu genuen, non genoma-dibertsitatea asko murriztu egin zen. Henry Harpeding-en arabera, Homo sapiensa duela 100,000 urte gune geografiko isolatu batetik hedatu zen –botila-lepoa pairatuz geografiaren ondorioz– eta, populazio genetikoki mugatu hori, izugarri hedatuz duela 50,000 urte inguru, lehenik Afrikan eta, ostean, mundu osoan zehar.[87] Era berean, bestelako froga klimatologiko eta geologikoek ere botila-lepo honen aldeko frogak agertzen dituzte; esaterako, Tobaren erupzioak, ustez, 1,000 urteko hotz-periodo bat sortu zuen, potentzialki giza populazio osoa izugarri mugatu zuena, zenbait tropikoetako babeslekuetan zeuden populazio isolatuak soilik biziraun baitzuten –estimazioen arabera, 15,000 bat banako biziraun zuten soilik–. Halako testuinguruetan, jito genetikoko prozesuak –botila-lepoa zein fundatzaile efektuak– indar handia edukiko lukete. Era berean, Afrikako genometako dibertsitate handiak –Afrika-kanpokoarekin alderaturik– aipatutako babeslekuen presentziaren froga ere izan liteke.[88] Hala ere, ikerketa berri batek aditzera eman zuen Afrikaz-kanpoko populazioen jatorri bakarra konsistentzia gutxikoa dela, elkargurutzeak izan dituen populazio misto bat kokatuz Eurasiako populazioen populazio arbaso bezala.[1]

Europa

Sakontzeko, irakurri: «Paleolitoa Europan», «Paleolitoa Euskal Herrian», «Aurignac aldi», «Gravette aldia» eta «Goi Paleolitoko artea»

Anatomikoki modernoak ziren gizakiak Europara duela 40,000 urte ailegatu ziren, Ekialde Ertainetik eta Erdialdeko Asiatik, estepa azpi-glaziarretako faunaren ehizak sortutako adaptazio kulturalaren ondorioz.[89] Neanderthalak Ekialde Ertainean zein Europan bizi ziren garai hartan, "Cro-Magnonekin" edo Europako gizaki moderno goiztiarrekin, maila batean behintzat, elkargurutzatu zirenak; hala, Iberiar penintsulan eta Ekialde Ertainean, adibidez, Homo sapiens- eta Neanderthalen populazioak batera bizi izan ziren. Aipatutako gurutzatzearen ondorioz, gainera, gene neanderthalak Eurasiako zein Ozeaniako populazio paleolitiko eta modernoetan ageri dira. Europak berezitasun bat aurkeztu zuen bestelako mundu populatu berriarekin alderaturik; Europaren ipar-latitudea. Ebidentzia arkeologikoen arabera, Neanderthal zein "Cro-Magnonak" Errusia Artikora ailegatu ziren duela 40,000 urte inguru –adibidez, Mamontovaya Kurya gune arkeologikoa, Komien Errepublikan–.[90]

"Cro-Magnonak" Europa populatu zuten lehen H. sapiens modernoak dira, Eurasiara sartutakoak Zagros Mendietatik –gaur egungo Iran eta ekialdeko Turkia ingurutik, hain zuzen ere– duela 50,000 urte inguru. Populazio horretako talde bat azkar finkatu zen Indiako Ozeanoko kostalde-eskualdetan, beste talde batzuk Erdialdeko Asiako estepetan kokatu zen bezala. Honen adibide, Italia eta Britainia Handiko duela 43,000–45,000 urteko giza aztarnak ditugu,[91][92] bai eta aipatutako duela 40,000 urtetako Errusiako aztarnak ere.[3][93]

Ural Mendietako mendebaldeko gunea ere kolonizatua izan zen –bereziki elur-oreinaren ehizaz baliatuz–,[94] baina aldaketa adaptatiboak pairatu behar zituzten, negu-tenperaturek -20 eta -30ºCko balioak lortzen baitituzte, bereziki erragaiak eta babeslekuak urriak zireneko testuinguruetan. Hala, ondorioz, bertako taldeak nomadagoak ziren, bidaiatzen zuten bitartean ehizatuz. Arazo hauek aurrerapen teknologikoen bidez konpondu ziren: animalia-larruarekin arropak eginez, hezurrak erregai bezala erabiliz eraikitako babeslekuetako sutondoetan eta haragi- eta hezur-biltegiak osatuz permafrostean, "izotz-ganbaren" bidez.[1][95]

Italiako Paglicci Kobazuloko bi "Cro-Magnon" arrastoetako DNA mitokondrialaren sekuentzia, duela 23,000 –Paglicci 52– eta 24,000 urtetakoak –Paglicci 12–, N haplotaldeko modura modura izan ziren sailkatuak, bigarren taldearen eta ez gizaki arkaikoaren tipikoa dena.[96]

Gizaki modernoaren migrazioa Europan zehar, Currat eta Excoffier (2004)ren arabera.[97]
Duela 37,500 urtera arte.
Duela 35,000–37,500 urte.
Duela 32,500–35,000 urte.
Duela 30,000–32,500 urte.
Sakontzeko, irakurri: «Neandertalen iraungitzea» eta «Gizaki modernoen eta arkaikoen hibridazioak»

Ustez, gizaki modernoen populazioen hedapena, Europan zehar, duela 45,000 urte hasi bazen ere, 15,000–20,000 urte beranduagora arte Europa ez zen osorik kolonizaturik egon.[98][99] Urte horietan zehar, Neanderthalak pixkanaka ordezkatuak izan ziren, H. sapiens modernoa eta Neanderthalek etengabe lurraren kontrolarengatik borrokatuz. Neanderthalek garun handiagoak zituzten, bai eta fisionomia handiago eta sendoagoa ere; Homo sapiensak baino indartsuago, orokorrean. Gainera, Europan 200,000 urtez bizitzen egon izanak Europako klima hotzera ohitzeko denbora izan zuten Neanderthalek. Hala, H. sapiensek bideratutako ordezkapenaren atzean teknologia modernoen garapena eta H. sapiensen korrika egiteko gorputz aproposagoak ditugu, Neanderthalak Iberiar penintsulara mugatzera eraman zuena. Hala, azkenean, duela 25,000 urte Neanderthalen erregistro fosila amaitu egiten da, iraungipen-seinale dena. Azken populazio ezaguna, bestalde, Iberiar penintsulako hegoaldeko muturrean dagoen egungo Gibraltarren kokatzen da, duela 24,000–30,000 urte.[erreferentzia behar]

Lotura-desorekaren arabera, Neanderthalen azken gurutzaketak Homo sapiensekin duela 47,000–65,000 gertatu ziren; beraz, datu genetikoek aditzera ematen dutenez, bestelako ebidentzia fosil eta arkeologikoekin batera, elkargurutzaketa Mendebaldeko Eurasian gertatuko zen; seguruenik, Ekialde Ertainean.[100] Era berean, Ekialdeko Asiako biztanleen genomaren ehuneko handiago bat jatorri neanderthalekoa da, europarrekin alderaturik.[101][102] Iparraldeko Afrikako populazioek Afrikaz-kanpoko populazioen ehuneko antzekoa aurkezten dute, beste alde batetik, Saharaz-azpiko populazioek Neanderthal-jatorriko ekarpenik ez duten bitartean,[103] salbuespenak salbu; Saharaz-azpiko populazio batzuetan –oso gutxitan– Neanderthalekin erlazionaturiko distropina proteinaren DMD genearen B006 haplotaldea aurkitu daiteke Sahel eta Afrikako Adarrean, Iparraldeko populazioen presentziaren seinalea da, Saharaz-azpiko Afrikako iparraldeko eta ipar-ekialdeko perimetroan.[104]

Ekialdeko eta Iparraldeko Asiako barreiatzea

Sakontzeko, irakurri: «Mongoloide» eta «Antzinako Ipar Eurasiarrak»

Tianyuan-eko gizonak, duela 40,000 urtetako gaur egungo Txinako banako batek, H. sapiens–Neanderthal elkargurutzatzearen arrastoak aurkezten ditu. 2017. urtean egindako ikerketa baten arabera, banakoaren antzinako DNA aztertuz ikus daiteke banakoa erlazionaturik dagoela gaur egungo asiar zein amerindiar indigenoekin.[105] 2013ko beste ikerketa baten arabera, Ekialdeko Asiako populazioen HYAL eskualdean –3p21.21 eskualde kromosomikoan– introgresio neanderthalaren ondoriozko Neanderthal-jatorriko 18 gene aurkitu ziren. Introgresio hauek positiboki hautatuak izan ziren, baina soilik Ekialdeko Asiako populazioetan, duela 45,000 urtetik azken 3,000–5,000 urtetara arte. Introgresio-gene hauek, beraz, maiztasun askoz handiagoan agertzen zira populazio hauetan, Europako edo Hegoaldeko Asiako bestelako populazioekin alderatuz, bai eta amerindiarretan ere. Honek, Neanderthal-jatorriko introgresio hau Ekialdeko Asiako zein Amerikako jatorriko populazioen arbaso komun batetan gertatu zela adierazten du, era berean.[106]

2016ko ikerketa baten arabera, Japoniako iparraldeko Ainu taldearen populazio-genetika Ekialdeko Asiaren populatze goiztiarra azaltzeko baliagarri liteke. ikerketaren arabera, Ainuek, Ekialdeko Asiako populazio berantiarragoekin alderaturik, Eurasiarekin konexio estuagoa aurkezten dute, ipar-ekialdeko siberiarrekin konexio aurre-neolitikoa adieraz dezakeena. 2013ko beste ikerketa batek, ere, mongoloideen zenbait ezaugarri fenotipiko –hala nola, izerdi-guruinak, hortzak, ile-lodiera eta bular-ehuna[107][108] EDAR genearen mutazio bakarrarekin daude erlazionaturik, duela 35,000 urte agertutakoa.[109]

A, B eta G haplotaldeak duela 50,000 urte inguru agertu ziren, haplotalde hauetako kideek Siberia, Korea eta Japonia kolonizatu zutelarik duela 35,000 urte inguru. Populazio hauetako batzuk izan ziren, gainera, Azken Glaziazioaren Maximoan, Ipar Amerikara migraturikoak.

Azken Glaziazioaren Maximoa

Sakontzeko, irakurri: «Azken Glaziazioaren Maximo»

Eurasia

Sakontzeko, irakurri: «Solutre aldia» eta «Madeleine aldia»

Duela 20,000 urte, Neanderthalak iraungi eta 5,000 urtetara inguru, Azken Glaziazioaren Maximoak ipar hemisferioko iparrean bizi ziren hainbat biztanleei babeslekuetara (latinez, refugia modura ezagunak direnak) migratzera behartu zien. Glaziazio honen ondoriozko hegoalderanzko migrazioa izan zen, gainera, ustez, Europaren birrokupazioaren erantzule, zeinetatik gaur egungo Europako populazioak agertu ziren. Ostera, Europako populazioen genoma eraldatua izan zen bestelako migrazioen ondorioz; horietatik, bereziki aipagarria da Ekialde Ertaineko Neolitoko hedapena, bai eta aitzinindoeuroparren migrazioekin asoziaturiko kalkolito-populazioena ere.[erreferentzia behar]

Siberiako Jana ibaian aurkitutako gune arkeologiko batean –71ºN latitudean, Zirkulu Polar Artikotik iparralderago– duela 27,000 urtetako arrastoak aurki daitezke, glaziazio garaikoak. Honek, Homo sapiensa hotzera, latitude altuetara eta gune gogorretara ustez baino askoz lehenago ohitu zela adierazten du, Pleistozeno Berantiar bertan eta ez Holozenoan zehar.[110]

Amerika

Beringiako migrazioa: Beringiako mamut esteparako ailegatzea –duela 25,000 urte inguru– eta Amerikaren populaketa –duela 15,000 urte inguru–.
Sakontzeko, irakurri: «Ameriketako lehen kolonizazioa», «Amerindiar» eta «Amerindiarren historia genetikoa»

Paleoindiarrek Erdialdeko Asian dute jatorria, Beringiako lurzubia gurutzatuz gaur egungo Alaska eta Siberia artean.[111] H. sapiensa Amerikan bizi izan zen azken glaziazioan amaierarako; zehatzako, Azken Glaziazioaren Maximorako.[111][112][113][114] Aipatutakoaz kanpo, Paloindiarren migrazioa eta migrazio-bideak Amerikako kontinentean zehar, bai eta migrazio-datak ere, gaur egun oraindik oso eztabaidatuak dira.[115]

Estimazio konbentzionalen arabera, jendartea Ipar Amerikara duela 15,000–20,000 urte ailegatu zen.[116][116][116][117] Teoria tradizionalenaren arabera, migrante goiztiar hauek kostaldetik mugitu ziren –Kuaternarioko glaziazioaren ondorioz itsas maila jeistearen ondoriozko kostaldeko lehorretik–,[3][1] gaur egun iraungirik dauden pleistozenoko megafaunaren taldeak jarraituz, bi inlandsisen arteko izotzik-gabeko korridoreak erabiliz –Laurentiar eta Mendikateko inlandsisak–.[118] Beste teoria batzuen arabera, oinez edo ontzi primitiboak erabiliz, Ozeano Bareak mugatutako kostaldetik Hego Amerikaraino ailegatu ziren, Txileraino.[119] Halere, bigarren teoria horren arazo nagusia da, egun, potentzialki egindako bide hori itsas mailaren igoeraren ondorioz ehundaka metrotako itsas sakonetara dagoela, fosilen lorpena zailagotuz.[120] Halere, aipagarri da ere, australasiar indigenoetan analizatutako material genetikoak kostaldeko bidearen teoria hau indarberritu duela.[121][122]

Holozenoko migrazioak

N haplotaldearen –Y kromosoma-jatorrikoa– migrazio aurre-historikoak, duela 18,000–22,000 urte, Azken Glaziazioaren Maximoaren ostean.[123]
Sakontzeko, irakurri: «Giza migrazio aurre-modernoak», «Mesolitiko» eta «Urheimat»

Holozenoa duela 12,000 urte hasi zela onartzen da, Azken Glaziazioaren Maximoaren amaieraren ostean. Holozenoko Klima Optimoan zehar, duela 9,000 urte hasitakoa, refugiatan zeuden gizaki modernoak, geografikoki konfinatuak, migratzen hasi ziren berriro. Garai honetarako, mundu-mailako gune gehienak Homo sapiensak kolonizaturik zituen, bai eta glaziarrek okupaturiko gunean birpopulatuak ere.[123]

Garai horretan Mesolitoko garaietik Neolitorako garaiera pasatzeko ahalmena eman zuen klima epeletan; ondorioz, Mundu Zaharreko kulturak Brontzezko Aroan sartu ziren, bai eta idatziz-jasotako historiari hasiera eman zion ere Ekialde Hurbilean zein Txinan.[123]

Aldaketa kulturak honen ondoriozkoak ere izan ziren mundu-mailako hizkuntza-familien banaketa aurre-modernoa; hala nola, Niger-Kongo, Nilo-Saharar, Afro-Asiar, Uraldar, Sino-Tibetar eta Indoeuropear hizkuntzak.[123]

Eurasia

Sakontzeko, irakurri: «Iraultza neolitiko», «Indoeuroparren migrazioak» eta «Aurreuraldarren Urheimata»

2014ean argitaratutako ikerketa batean arabera, non antzinako Homo sapiensen aztarnetako analisi genomikoak bideratu ziren, gaur egungo Europako populazio nagusiak hiru leinu ezberdinetatik dira eratorriak: Mendebaldeko Ehiztari-Biltzaileak –Europako "Cro-Magnon"-populazioen eratorriak–, Europako Nekazari Goiztiarrak –iraultza neolitikoaren testuinguruan, Ekialde Hurbiletik Europara sartutako populazio berantiarragoetatik eratorritakoak– eta Antzinako Ipar Eurasiarrak, indoeuropearren hedapenen testuinguruan Europara hedatutakoak.[124]

Bestalde, Afroasiarren Urheimata ezjakina da egun, Asian zein Afrikan kokatu baitaiteke.[125][erreferentzia behar]

Saharaz-hegoaldeko Afrika

Sakontzeko, irakurri: «Nilo-saharar hizkuntzak» eta «Niger-Kongo hizkuntzak»

Herri nilotikoetako biztanleak, ustez, duela 3,000 urtera arte banaturik gabe zegoen Ekialdeko Sudaneko batasun batetik eratorriak dira, non aurrenilotikoen garapena, talde moduan, ganaduaren etxekotzearekin erlazionaturik egon liteke. Ekialdeko Sudandarren taldea, bestalde, duela 5,000 urte inguru banatu zela uste da, duela 15,000 urte inguru sortutako Nilo-Sahariar batasunetik banandu zenean, Goi Paleotitoan. Herri nilotikoaren Urheimata, seguruenik, gaur egun Hego Sudan deneko Nilo ibaiaren ekialdean kokatzen da. Aurrenilotikoak, duela 3,000 urte, pastoralistak ziren, beren bizilagunak, antzinako Erdialdeko Sudaneko biztanleak, nekazariak ziren bitartean.[126]

Niger-Kongoko hizkuntza-phyluma, ustez, duela 6,000 urte agertu zen Mendebaldeko edo Erdialdeko Afrikan, non Niger-Kongo hizkuntzen zabaltzea duela 4,100 urteko Sahararen lehortzearen ondoriozko Sahel nekazaritzaren garapenarekin egon daiteke erlazionaturik.[127] Bantuen hedapenak Bantu hizkuntzen hedapena burutu zuen, Erdialdeko, Ekialdeko zein Hegoaldeko Afrikara, partzialki bada ere bertako populazio indigenoan ordezkatuz. Hedapen-prozesu hau, duela 3,000 urte hasi zena, duela 1,700 urte inguru amaitu zen, Hegoaldeko Afrikarako ailegatzearekin.[128]

Ebidentzien arabera –besteak beste, 2016ko ikerketa bat–, Saharaz-azpiko populazioek Eurasiako jatorriko gurutzaketa moderno eta ez-modernoak jaso zituzten.[129] 2018ko bestelako ikerketa baten arabera, antzinako Eurasiako populazioek Afrikara migratu zuten, gaur egungo Saharaz-azpiko populazioen genomaren %0–50 tartean elkargurutzaketa hau ikus daitekeelarik, balio altuenak Sahelen eta Afrikako Adarrean aurkituz, bai eta maila baxuenak Mendebaldeko Afrikako gune jakinetan eta Hegoaldeko Afrikan, egungo migrazio-ebentuen ondoriozko immigranteak kontutan hartu gabe.[130]

Indo-Pazifikoa

Austronesiar hedapenaren mapa kronologikoa, Ozeano Barerantz zein Indikorantz.
Sakontzeko, irakurri: «Austronesiar hizkuntzak» eta «Austronesiar hedapena»

Mundu-mailan, lehen gizakion ontzi-bidaiak austronesiarrek bideratu zituzten, egungo Taiwanetik, Austronesiar hedapena deritzonari hasiera emanez.[131] Teknologia aurreratua erabiliz –hala nola, katamaranak, Polinesiako kanoak eta bela austronesiarrak edo ingeleseko claw crab sailak– beren lehenengo itsas bidaiak bideratu zituzten ontziak erabiliz, Hego-ekialdeko Asiako irlak oso modu azkarrean populatuz duela 1,700–3,200 urte. Filipinak eta ekialdeko Indonesiatik, bestalde, Mikronesiara ere ailegatu ziren duela 1,200–2,400 urte, migrazio-ebentu nagusia, Mikronesian, askoz beranduago gertatu bazen ere.[3][132]

Austronesiarren talde bat Melanesiako irletaraMelanesiako Irlak izeneko eskualdean– ailegatu zen ere duela 1,200 eta 1,800 urte, Lapita kulturari hasiera emanez –Lapita kulturaren izena Kaledonia Berriko Lapitan dagoen gune arkeologikoaren omenez ezarri zen, bertan aurkitu baitziren Lapita kulturako lehen buztingintza-aztarnak–. Talde hau, halaber, gaur egungo polinesiarren arbaso zuzenak dira. Ozeania Urrunera hedatu ziren ere, ostean, Vanuatu (Kaledonia Berria) eta Fiji uharteak oopulatuz duela 1,400 urte eta Samoako eta Tongako uharteetara ailegatuz duela 1,000–1,100 urte. Aipatutako azken irla hauek ditugu Lapita kulturaren ekialdeeneko muga –seguruenik, irla horietako buztin-falta dela eta–, banbuzko eta zizelkatutako zurez eginiko eduki-ontziak agertuz bertatik aurrera. Lapita kulturak atzera-migrazio bat burutu zuen ere duela 1,700 urte, Hego-ekialdeko Asiako irletara berriro, Mikronesiara lehen aldiz helduz duela 400 urte inguru. 700. urtera arte itxaron zuten Ozeano Bareko irletara joateko, Polinesiako hainbat irla-sistema populatu zituzten arte: Cook irlak, Society irlak eta Markesak. Irla-sistema hauetatik, era berean, Hawaii kolonizatu zuten 900. urte inguruan, Rapa Nui 1000. urtean eta Zelanda Berria 1200. urtean.[133][134][135]

Indiako Ozeanoan, Borneon bizi ziren austronesiarrek Madagaskarreko irla eta Komoretako irla-sistema 500. urterako kolonizatu zituzten ere. Indo-pazifikoko irla-taldearen talde etnolinguistiko nagusia dira egun oraindik, besteak beste, austronesiarrak izan baitziren itsas merkataritza-sare bat sortzen lehenak, Ekialdeko Afrikaraino zein Arabiako penintsularaino ailegatzen zena. Beren hedapenean, gainera, Pleistozeno goiztiarreko hedapen goiztiarragoetako papuarrak eta Hego-ekialdeko Asiako irletako negritoak bere egin zituzten.[3][1] Ondorioz, egun oraindik, Austronesiar hedapena Neolitoan zeharreko giza migrazio-ebentu handiena –geografikoki– dugu, bai eta azkenekoa ere.[136]

Karibea

Karibea, Amerika-mailan, kolonizatzen azkenetarikoa izan zen lurraldea dugu; izan ere, Antilla Handietako aztarna zaharrenak duela 3,700–4,200 urtetakoak dira, baina, aztarna hauen konpazioak, beren analogo kontinentalekin, aztarna hauek migrazio-ebentuen ondorozkoak ez direla ematen du aditzera, baizik eta Erdialdeko Amerikako joan-etorriko bidaiak Yukataneko itsasartearen bitartez. Ebidentzia guztien arabera, beraz, benetako lehen migrazio-ebentua duela 2,200 urte koktatzen da, Orinoko ibaiaren arrotik, Hego Amerikan. Populazio kolonizatzaile hauen ondorio zuzen dira, beraz, Karibeetako Taino eta Kalinagoak.[137]

Artikoa

Sakontzeko, irakurri: «Artikoko populazioak»

Ipar Amerikako erdialdeko eta ekialdeko Artikoko lehen biztaleak duela 2,700 urte kokatzen ditugu bertan, Artikoko tresna txikien kulturaren (ASTt modura ere ezaguna) aztarnek diotenez. ASTt kultura, era berean, zenbait paleoeskimo kulturen batura da; besteak beste, independentzia kulturak eta Dorset-aurreko kultura.[124][138]

Inuitak, bestalde, Thule kulturaren ondorengoak dira, Alaskako mendebaldetik banatutakoak 1000. urte inguruan eta, pixkanaka, Dorset kultura ordezkatu zutenak.[139][140]

Erreferentziak

Kanpo estekak