Ertzetako portuen artean aipatzekoak dira Buffalo, Cleveland, Toledo, Erie eta Sandusky. Erieko ubideak (590 km) Buffalo, Albany eta Hudson ibaiaren ertzean dagoen Troy hiria lotzen ditu; Hudson ibaiak elkartzen du Troy hiria New Yorkeko portuarekin[4].
Antzina eskualdean bizi ziren tribuak, Erie eta Neutralak edo Attawandaron, 1655an Irokesen Konfederazioak mendean hartuak izan ziren. Irokesak frantsesen etsaiak zirenez, Frantziako esploratzaileek aurkitu zuten Amerikako Aintzira Handietako azkena izan zen, Ontario eta Huron aintziren ondoren. Dudakoa da nor izan zen Eriera iritsitako lehen europarra: Étienne Brûlé 1615an, edo Louis Jolliet 1669an.
Giza jarduerek, itsas garraioak adibidez, kutsadura maila altuak eragin dituzte aintziran. Ozeano Bareko izokina sartu zen eta onuragarria izan da, baina espezie inbaditzaileak ere iritsi dira, hala nola zebra-muskuilua, gobioa eta belar karpa.