Hispaniako tradizio baten arabera, GaliziakoCompostelara eraman omen zuten Jakueren hilotza Goi Erdi Aroan. Alfontso II.a asturiar erregearen agintaldian sortu zuten kapera bat santuaren omenez. XII. mende arte, baina, ez zen santuaren irudi sinbolikoa handitu. Une horretan hiri horretatik zabaldutako kondaira baten arabera, Donejakue "Mairu Hiltzaile" (Matamoros) agertu omen zitzaien adorea emateko 'mairuen' kontrako gerlari kristauei, Clavijoko Gudu mitologikoan.
Harrezkero, musulmanen aurkako gudulari nagusi bihurtu zuten egungo Espainian, baita Errekonkistaren babesle eta sinbolo nagusi ere. Europa guztira zabaldu zen haren ospea XII. mendetik aurrera. Ameriketako konkista kolonialaren santu gerragile ere bihurtu zen, Santiago "Indio Hiltzaile" bihurtuta (Mataindios). Filipe IV.a erregearen agindupean, Espainiako zaindari ofizial bihurtu zen, Santa Teresa alboratuta eta esanahi politiko gerlari berriz jantzia.
Euskal Herrian ere kristau santu ohoratuenetako bat izan da. Hainbat hiri, leku, lurralde eta gizatalderen santu zaindaria da, Bilbo, Benidorm, Guayaquil, Santa Cruz Tenerifekoa, Galizia, Espainia, albaitariak, Done Jakueren ordena eta abar. Toki horietan, santuak bere jaiegun ofiziala du. Espainiako santu ofizial izateari utzi zion diktadura ondoren, haren konnotazio baztertzaileak eta gerlariak direla eta.